Flora eta fauna
Azalera osoa 2.680,5 ha-koa da; hortik %14,9 laborantza-lurrak dira, %9,9 lur ez-emankorrak eta %75,2 baso-lurrak.
Zuhaiztiek 1.670,3 ha okupatzen dituzte, hau da, baso-lurren %82,85 edo udalerriaren %62,31. Pagoak (923,9 ha) eta haritz kanduduna (344,9 ha) nagusi dira eta ingurumen balio handiena duen eremua osatzen dute. Ondoren, bertako zuhaitzak moztu eta haien ordez landatutako espezie pinaburudunak ditugu (larizio pinuak eta mendi-pinuak (118,1 ha) ) eta bai eta alertzeak ere (77,8 ha).
Bestalde, zuhaitzik gabeko baso-lurrek 345,7 ha okupatzen dute, bereziki larreak (azalera osoaren 312,6 ha).
FAUNA
Atal honetan gure lurraldean bizi diren animalien aipamen laburra baino ez da egiten. Bertan agertzen diren Altsasun aurki daitezkeen animali espezie deigarrienak baino ez dira.
Burunda ibaian eta haren ibaiadarretan, Altzania eta beste erreka batzuk kasu, honako hauek aurkituko ditugu: amuarrain arrunta (Salmo trutta), txipa (Phoxinus phoxinus), mazkarra (Barbatula barbatula), barboa (Barbus graellsii) eta loina (Chodrostoma toxostoma). Anfibioen artean, ur-igel arrunta da bereziena (Rana perezi), baina badira beste anfibio batzuk ere, apo arrunta (Bufo bufo), txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) eta uhandre palmatua (Triturus helveticus), besteak beste. Suge gorbataduna (Natrix natrix) eta Suge biperakara (Natrix maura) dira Altsasun aurkitu ditzakegun narrastiak. Ingurumenari lotutako hegaztien artean honakoak dira nabarmenenak: koartza mauskara (Ardea cinerea), basahate (Anas platyrhynchos), martin arrantzalea (Alcedo atthis), ur-zozoa (Cinclus cinclus), buztanikara horia (Motacilla cinerea), errekatxindorra (Cettia cetti) eta urretxindorra (Luscinia megarhynchos).
Pirineotako ur-satorra (Galemys pyrenaicus), ur-satitsu hankazuria (Neomys fodiens), ur-arratoia (Arvicola sapidus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) ur-bideei lotuta daude eta hudoa (Mustela putorius) ibai-bazterrean topatuko dugu gehienetan.
Soro, belardi eta oro har ibarrari irekitako paisaietan honako hauek aurkituko ditugu: eskulapioren sugea (Elaphe longisima), iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca), hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), sugegorri kantauriarra (Vipera seoannei), musker berdea (Lacerta viridis), ziraun (Anguis fragilis), eskinko (Chalcides striatus), horma-sugandilla (Lacerta muralis) eta sugandila iberiarra (Podarcis hispanicus).
Hegaztiak asko dira eta haien artean honakoak nabarmentzen dira: miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans), belatz gorria (Falco tinnunculus), galeperra (Coturnix coturnix), sorbeltz arrunta (Apus apus), hegatxabal arrunta (Alauda arvensis), uda-txirta (Anthus trivialis), buztanikara zuri (Motacilla alba), arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris), antzandobi arrunta (Lanius collurio), birigarro arrunta (Turdus philomelos), zozo arrunta (Turdus merula), kaskabeltz handi (Parus major), txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), enara arrunta (Hirundo rustica), enara azpizuria (Delichon urbica), txonta arrunta (Fringillacoelebs), berdantza horia (Emberiza citrinella), hesi-berdantza (Emberiza cirlus), karnaba (Carduelis carduelis), txirriskila arrunta (Serinus serinus), gailupa (Pyrrhula pyrrhula), belabeltz (Corvus corone) eta mika arrunta (Pica pica).
Hona ugaztun aipagarrienak: satitsu arrunta (Crocidura russula), basasagua (Apodemus sylvaticus), azeri arrunta (Vulpes vulpes), triku arrunta (Erinaceus europaeus), lursagu mediterraneoa (Pytimys duodecimcostatus), satorra (Talpa europaea) eta lurmuturreko erbia (Lepus capensis).
Baso eta oihanetan anfibio deigarrienak dira: arrabio arrunta (Salamandra salamandra), baso-igel gorria (Rana temporaria) eta baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina). Sugandila bizierrulea (Lacerta vivipara), soilgune eta zakardietan bizi da, musker berdea eta iparraldeko suge leunarekin batera.
Zapelatz arruntak (Buteo buteo) eta gabiraiak (Accipiter nisus) basoetan egiten dute habia, sarritan larreetan bazkatzen duten arren. Horietaz gain, honako hegazti hauek aurkituko ditugu basoetan: okil berdea (Picus viridis), okil handia (Dendrocopos major), lepitzuli (Jynx torquilla), pagauso (Columba palumbus), eskinoso (Garrulus glandarius), pinu-kaskabeltza (Parus ater), amilotx urdina (Parus coeruleus), amilotx mottoduna (Parus cristatus), txepetxa (Troglodytes troglodytes), txio arrunta (Phylloscopus collybita), txio lepazuri (Phylloscopus bonelli) eta txantxangorria (Erithacus rubecula).
Hona Altsasuko basoetako ugaztun usuenak: basakatua (Felis sylvestris), katajineta arrunta (Genetta genetta), lepazuria (Martes foina), azkondarra (Meles meles), orkatza (Capreolus capreolus), basurdea (Sus scrofa), katagorria (Sciurus vulgaris) eta muxar grisa (Glis glis).